A free template from Joomlashack

A free template from Joomlashack

zer barri arrow dokumentuak arrow EUDEL-en adierazpena
EUDEL-en adierazpena
DEMOKRAZIA ETA ASKATASUNA DEFENDATZEKO ETA EUSKAL GIZARTEAREN ANIZTASUNA ERRESPETATZEKO ADIERAZPEN ZIBIKOA


Eudel,2002ko maiatzaren 3a

Demokrazia eta hiritarrak inon estu-estuki elkarrekin bizi badira, Udaletxeetan gertatzen da halakoa; horrez gain, Udaletxeetan ere hiritarren parte hartzeko bidezko eskaera beste inon baino zuzenago hartzen da aintzat. Beraz, Udaletxeak sistema demokratikoaren eraikin osoa sostengatzen duten oinarrizko zutabeak dira. Udaletxeen demokraziaren kalitatea degradatuz gero, sistema osoak horren eragina jasoko du.

Alkate eta Zinegotziek, udalerri bakoitzaren herri-borondatearen legezko ordezkariak izateaz gain, guztion onuraren alde jarritako hiritarron balore zintzoenak adierazten dituzte. Haien hiritarren ongizatearen alde aritzeko kasurik gehienetan sakrifizio handiak egin behar izan dituzte, bai pertsona, bai familia bai lanbide aldetik. Zentzu horretan, gizalege altruista eta herriaren eta herrirako gobernua den demokraziaren balorerik jatorrenetarikoen adierazgarriak dira.
Hori dela eta, udal arloko eguneroko kezkez gaindi, hiritar askoren egoera larriak, horien artean ETAren ekintza terroristek mehatxatu, kolpatu eta eraildako geure kideenak -batez ere Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularrekoei dagokienez-, eta ideia politiko demokratikoen defentsarako adierazpen-askatasunak jasandako erasoek, demokrazia eta askatasunaren aldeko erantzun irmo eta solidarioa eskatzen digute, baita euskal gizartearen aniztasunarekiko begirunearen aldekoa ere.
Errealitate honetaz jabetuz, joan den otsailaren 22an Ajuria-Enean izandako Alderdi Politiko eta Erakunde Publikoen ordezkarien arteko bileran, udal esparruan demokrazia eta askatasunaren defentsarako konpromisoen garapena geure erakunde honen esku utzi izan zen, baita aniztasunarekiko begirune eta mehatxatutako pertsonekiko defentsa eta elkartasun mailako ekimenak ere, ahalik eta inplikazio politiko eta sozial handiena bilatuz. Hori guztia horretarako propio sortutako Segurtasun-Batzordeak -bertan Alderdi Politikoek ere parte hartuz- bultzatzen diharduen erabakiekin koordinaturik.

Une honetako larritasunaz jabeturik, geure Udaletxe guztietan udal-demokraziarekin hartutako konpromisoa finkotasunez berriztu behar dugulakoan gaude, gauza bera eginez Alkate, Zinegotzi eta mehatxatutako pertsonen askatasun, osotasun eta segurtasunei nahiz terrorismoaren biktima guztiei dagokienez.

Hori dela eta,adierazpen hau izenpetu dugun euskal alderdi politiko eta udal ordezkariok jendaurrean berretsi nahi dugu nork bere erantzukizun-eremuan lan egingo dugula Demokrazia eta Askatasuna eta euskal gizartearen aniztasuna errespetatu eta defendarazteko. Egin ere, ondoko printzipioen arabera egingo dugu.



Printzipioak

1.- Gizon-emakumeen oinarrizko eskubideak errespetatu eta defendatzea da herritarren eta Herrien antolamendu eta bizikidetzarako oinarria.

2.- Politikoki justifika ezinak dira, bai eta etikoki gaitzesgarriak ere, pertsonen hilketa helburu duten indarkeria ekintzak.

3.- Giza-Eskubideen Deklarazio Unibertsala berretsi egiten dugu, Bizitzarako Eskubidea horien arteko aurrenekoa izanik, eskubide hori agertu ezean ezin baita bestelakorik gauzatu. Adierazpen horri eutsiz, ezin da inor torturatu, txarto tratatu, iraindu edo mehatxatu, ez eta jazarri edo eraso ere, dituen ideiak direla-eta edo ideia horiek jendaurrean demokratikoki ordezkatu eta defendatzearren.

Horregatik, bizitza, askatasun eta demokraziaren aurka- eta hortaz, giza-eskubide guztien aurka- doazen ETAren ekintza terroristak gaitzetsi egiten ditugu.

4.- Euskal gizartean dagoen ideia, egitasmo eta sentimendu aniztasuna aberasgarri da kultura, politika nahiz gizartearentzat. Horrenbestez, babestu eta errespetatu egin behar da, eta, horretarako, gizarte hori osatzen duten kide guztien askatasuna defendatu behar da, beti ere, bortxarik gabe adieraz ditzaten beren asmo pertsonal eta politikoak, bidezkoak guztiak ere.

5.- Gizarte demokratiko batean, egitasmo politiko demokratiko oro defendatu, garatu eta, hala badagokio, gauzatu behar da, baldin eta herritarren gehiengoaren babesa badauka. Beti ere, errespetatu egin behar da, baldintza berdintasunean, aukera politiko desberdinen ordezkaritza askea eta defentsa eraginkorra. Xede horrekin, Zuzenbide Estatu bateko arau demokratikoek eta politikak dituzten mekanismoak baino ez dira erabiliko borondate kolektiboa eratzeko.

6. Aniztasun politikoa eraginkortasunez eta modu kontsekuentean errespetatzea, beraz, nahitaezkoa da, gure herrietan guztiok elkarrekin biziko bagara.

 

Konpromisoak

Printzipio horietan oinarrituta, alderdi politikoek eta euskal alkate eta zinegotziek gure borondatea adierazten dugu:


1.- Demokrazia eta askatasuna defendatzeko eta euskal gizartearen aniztasuna errespetatzeko udal akordioa onartzea.Helburu hori lortzeko behar diren neurri ekonomiko, arau-emaile, politiko eta sozialak jasoko ditu akordioak, eta, era berean, euskal gizartea era aktiboan inplikatuko du akordioaren garapenean.
Udal akordio horretan ondoko konpromisoak jasoko ditugu:
· Bizitzarako eskubidea defendatzeak duela lehentasuna berrestea, horixe baita bizikidetzarako oinarrizko printzipioa.
· Gizon-emakume guztien oinarrizko eskubideak errespetatu eta errespetaraztea.
· Zuzenbide Estatua -demokraziaren oinarrizko elementua den aldetik- eta beronen erakundeak defendatzea, horiek baitira herritarren borondate demokratikoaren isla.
· Egitasmo politikoak lortzeko, indarkeria bortxa gisa erabiltzeari beren beregi uko egiten dieten egitasmo politiko guztien bidezkotasuna eta legezkotasun demokratikoa defendatzea.
· ETAri exijitzea errespeta dezan euskal gizartearen borondatea eta behin betiko utz dezan indarkeria.
· Elkartasun aktibo eta aintzatespen etiko, sozial eta materialeko ekimenak garatu, indarkeria, intolerantzia eta giza eskubideen nahiz eskubide zibiko eta politikoen haustea jasan dutenen eta jasaten dutenen alde. Are gehiago, baita judizialki ere, Korporazio gisa, norbaitek mota honetako edozein estortsio jasaten duenean.

 

· Herritar guztien eskubideak zaindu eta defendatzea eraso, urratu edo baldintzatu nahi dituztenen aurrean, eratutako udal gobernuaren ezaugarriak edo udalerri bakoitzean dauden indarrak gorabehera.
· Herritarren parte-hartze eta ordezkaritza politikorako eskubideak askatasunez erabiltzea udal esparruan, beti ere, aukera politiko bidezko eta demokratiko guztien aniztasuna errespetatuz eta, elkartasunez, beraien lan publikoa bermatuz, izan daitezkeen legez kanpoko ekintza, mehatxu, larderia edo erasoen aurrean.

2.- Toki esparruan demokrazia eta askatasunaren aldeko printzipioak eta aniztasunaren eta giza eskubideen errespeturako printzipioak zabaltzea, politika eta gizartearen inplikazio ahalik eta handiena bilatuz ezarpen praktikoa eraginkortasunez gauzatzeko, udalez udal eta herriz herri.
Ondorio horietarako, udalek demokrazia eta askatasuna defendatzeko eta euskal gizartearen aniztasuna errespetatzeko toki foroa sustatuko dute. Foroa zabalik egongo da herritarrek eta elkarteek parte har dezaten, eta aldizka bilduko da herri bakoitzeko sentsibilitate sozial eta politiko desberdinen arteko elkarrizketa eta topaketa gunea sustatzeko, sentsibilitate horiek honako adierazpen zibikoan azaldutako printzipio eta konpromisoekin eraginkortasunez konprometituak direlarik
· Ideia demokratikoak direla-eta mehatxatuta edo errepresaliaturik dauden pertsona edo erakundeei babes sozial eta instituzionala ematea ahalbidetuko duten ekimenak garatuko ditu;
· Demokrazia eta askatasuna eta herrian dauden aukera politikoen aniztasunarekiko begirunea errespetaraziko du.
3.- Edozein akordio politiko lortzekotan, demokrazia eta askatasuna defendatzeko eta euskal gizartearen aniztasuna errespetatzeko adierazpen zibikoan azaltzen diren printzipio eta konpromisoak modu eraginkorrez onartu eta defendatzea, ezinbesteko oinarri politikoa delakoan gaude.

 
Joomla Templates by Joomlashack