A free template from Joomlashack

A free template from Joomlashack

Advertisement

ERREGISTRO






Pasahitza berreskuratu nahi?
Konturik ez? Berria sortu

INKESTA

AGENDA

Al Ar Az Og Or Lr Ig
30 31 1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 1 2 3 4
zer barri arrow dokumentuak arrow Ekinean ilusioz beterik
Ekinean ilusioz beterik

EAJ-PNVREN AGIRIA ABERRI EGUNA 2003AREN AURREAN

Bibliaren pasarte batean irakur daitekeenez, israeldarrak Josuéren gidaritzapean askatasunaren bila zihoazela, Jericó hiria berregiteari ekin zioten, pikotxa esku batean eta ezpata bestean; izan ere, lan egin beharra eta aldi berean euren burua babestu beharra baitzuten.

Guk beste urtebete bete dugu Madrileko Gobernuarekin eta Eusko Legebiltzarrean kanpokoen aginduetara dauden Alderdi nagusiekin aurrez aurre, oso egoera gogorra igarotzen; herriaren eraikuntzan, berriz, ez dugu atzera-pausurik egin, nazioarteko ekonomia jasaten ari den atzeraldi honetan, duintasunez eutsi baitiogu ekonomi eta lan alorrean lortu dugunari; teknologian eta kulturan ere aurrera egiten ari gara, besteak beste euskara zabalduz; herria modernizatzen ari gara, zibernetika eta komunikazioaren teknikei esker; eta hori guztiori egiten ari gara, Lehendakariaren eskutik geure estatus juridikoa berrikusi eta koherenteagoa eta sendoagoa den beste bat prestatzen dugun bitartean.

Gogor lan egin behar izan dugu; eraikuntza-lana egin behar izan da, hainbeste azpijoko, gezur eta nahasketatatik geure burua defendatzeko lana, alegia. Ospakizun urtea izan da era berean, garrantzi handiko halako eta bestelako erakundearen edo gure alderdikideen ahaleginari esker jalgi den halako edo bestelako batzokiaren 25 garren urteurrenak ospatu izan ditugu batean eta bestean, Francoren diktadura behera etorri zenetik hona eskuratu ditugun lorpenen egutegia gogora ekarriz.

Atzera begiratu eta, ahaleginaren poderioz batu dugun uztari erreparatu ahal izan diogu; botere zentralak ukatu izan diguna, bete ez duena edota kendu diguna, dena batera ikusteko balio izan digu atzera begiratze horrek.

Nork ez du ezagutzen jatorrizko Estatutuaren edukiekin egindako iruzur-partida. Iruzur horiek Legebiltzarrean eztabaidatu ziren, eta ukatutako transferentzien 54 fitxa ospetsu haiek prestatu ondoren onartu egin ziren aho batez, Mayor Oreja bertan zela. Gaur da eguna, euretariko gehienak eskuratu ezin izan direna, Gobernu Zentralak ezetz borobila esan diolako transferentzia horiek euren benetako jabeak diren Euskal Erakundeen eskuetan ipintzeari. Gainera ez dugu Estatuko Auzitegi gorenek lege-urratze eta iruzur horiek guztiak zuzenduarazterik izan. Ibarretxeren proposamena ulertezina izango litzateke zapalketa eta ustelkeria horiek gertatu izan ezik.

Bai Konstituzioa bai Estatutua edota Forua Hobeagotzeko Legea, Francoren denboretako ikutuezineko egituren eragin eta presiopean eratu ziren, kolpeen mehatxupean, nahiz eta adostasun itxurak egin, eman egiten ziguten, eta ematen ziguten hura "hartu ala utzi" erabaki behar izaten genuen. Gauzak ezin izaten ziren "eurek" uzten ziguten puntutik aurrera eroan, eta "eurek" ebatzita izaten zuten punturaino egiten zuten aurrera zein atzera. Menpekotasun egoera batean ginen, zenbait eskumen deszentralizatuta zituen Botere Bakarreko Estatu batean, "Burujabetasun Bakarreko"an, "Nazio Bakarreko"an; nazionalitate desberdinekin, bai horixe, nahiz eta inoiz jakin ez zeintzuk ez zenbat diren.

Asmatutako irtenbide bat zen, denak pozik uzteko erabili zena, Francoren alderdikoak, betiko eskuindarrak eta aldakuntza eske ari zirenak. Estutasun denboretan emandakoa agintean daudenean berreskuratzeko: Esparteroz geroztik espainiar politikan nagusi izan den jokabidea. Sánchez Mazas-ek 1923-1-16an idatzi zuenez, eta Aznar praktikan jartzen ari denez: "Gobernuak ezin du Vaticanoko liburutegiko apaletan gure Nazioko liburuak sartzen utzi, gure atal nazionaletan -gaztelaniazkoa, gailegoa, euskalduna, katalana-, liburuok bizkarrean suak urtutako urreaz eginiko Espainiako ezkutua ez baldin badute. Eta burdina gori-gori hori behin Gobernuaren eskuetan, ba ote zen gizakien larru bizian eta bizkarrean lanean jarraitzea baino gauza hoberik, espainar izateari uko egiten ziotenak ezagutzeko, ugazabari ihes egin dioten piztiei egiten zaienez?".

Gogo beretsuaz idatzi zituen Aznarrek 2000-11-27an Terrorismoaren kontrako Itunarako puntuak, EAJren kontra, eta ez ETAren kontra; eta sozialistek ondoren onartu egin zituzten mantso-mantso Aznarren ondoan kokaturik, Aznar Bushen ondoan dagoen bezain mantso:

- Euskaldunei eskaintzeko izango den askatasun-aukera bat antolatu behar dugula uste dugu?

- Hauteskundeak behar direla uste dugu?

- Sezesionista bortitzekin lortutako akordioengatik eta oraindik orain adostasun instituzional eta estatutarioari dioten leialtasun faltagatik euskal nazionalistek dagozkien ondorioak jasan behar dituztela uste dugu?

- Adostasun sakon bezain ekintsua lortu eta erakunde guztietan indarrean jarri behar dela uste dugu ?

Eta hori gertatu da. Alderdi bien artean hauteskundeak eragin zituzten. Baina galtzaile izan ziren. Lehenago ez dugu inoiz ikusi Estatutzar hori, dituen baliabide guztiak hartuta, EAJ txiki eta apal honen kontra. Galtzaile izan ziren, datozen udal eta foru hauteskundeetan izango diren bezalaxe. Gorrotoa erabili dute. Eta zabaldu egin dute. Eta sendotu egin dute. Eta gorrotoa belar gaiztoa da, errotik ateratzen gaitza. Erakunde guztietan egin dute bat, legez ez dagozkienetan ere, Auzitegietan esaterako, Alderdi biek maila gorenean parte hartuz, erabateko adostunak eta irizpideak bultzatu araziz. Espainia hitza markatu nahi digute suaz bizkar gainean, Sánchez Mazas-en esanetan iheska doan ganaduari bezalaxe.

Batasunari ez diogu zorrik, erasoak eta tratu txarrak ez badira. Baina gertaturikoak, gure hauteskundeetan lehendabizi eta Alderdien Legearekin eta Batasunaren ilegalizazioarekin ondoren, sistema demokratikoaren, askatasunaren eta elkarbizitzaren kontrako erasoak izan dira. Demokrazia huts egiten hasten denean, helburua etsai politikoa izan arren, denoi egiten digu huts azkenean.

Egunean egunean bizi dugu erasoa, Batasunaren kontrakoa ez ezik EAJren kontrakoa ere, Estatuaren eremuetan ez ezik, Europa eta Mundu mailan, merkatal hartu-emanetan, enbajadetan edota europar Parlamentu eta Erakundeetan. Ez dira ohartu ere egiten, euren arazoak konpontzeko gaitasun eza erakusten ari direla, eta eurek direla nahikoa ezkutatu nahi duten hori agertzeko: euskaldunen arazoa nazioartaratzeko, alegia.

MUNDUA ALDATUZ DOA

Joan den astean Sadam Hussein-en harrizko irudia lurreratu zuteneko show-a ikusi genuen Bagdad-eko Eden plazan. Oraindik urte asko ez dela, Berlingo horma lurreratzen ikusi genuen, eta apur bat gerotxoago Soviet Batasunak, Yugoslaviak eta mundu komunista osoak lurra jotzen ikusi genuen.

Stalin-en hedapena bizi izan genuen, gerra hotza, munduko bando nagusi bi haiek. Euretariko batean egon ginen, Mendebaldekoan, Librean alegia. Amerikari eta aliatuei lagundu genien, geure jendea galdu genuelarik. Baina gure beharrik izan ez zutenean, Francoren alde egin zuten, eta kleenex bagina bezala, erabili ondoren lurrera bota gintuzten. Zer egingo ote dute Aznarrekin eta Espainiarekin euron beharrik ez dutenean?.

Gaur egun ez dago mundu bi. Bat dago. Eta besteak. Potentzia bakarra dago; eta inguruan, potentzia izandako hiruzpalau, potentzia izango diren beste bi, eta Afrika, Asia eta Hegoameriketako pobreziaren pobrezia, azkenez.

Irailaren 11n gertatutakoak, batzuen eta besteen interesak bizteaz gain -hori beti egon da argi-, burua makurrarazi dioten erraldoiaren mendekua eragin izan du. Oinarrizko giza-eskubideak albo batera utzi ez ezik -Guantanamo, horren adibide-, ez du inoren kontrolik onartzen, ez ONUrenik ez eta Nazioarteko Zigor Auzitegiarenik ere. Zigor-bideari ihes egiten dio, eta era berean gehiegikeriarik besterik ez dakar.

Zeukan aginpide apurra ezabatu diote ONUri. Nazioarteko Zuzenbidea bortxatu dute. OTAN ez zaie interesatzen jadanik eta, Azores-etako batzarretik hona defentsarako itun berriaz ari dira berbetan. Kide gehiago hartzear zegoen Europar Batasuna hautsi egin dute. Eta Aznarrek hautsi du, bigarren mailako kristau-demokrata horrek, Blair alde batean, Europar Batasuna usaindu besterik egin ez duen agintaria, eta Berlusconi bestean, italiar politikagintza zaildu horretan murgilduriko agintaria, negozio-sarean kateaturik baietza eta ezetzaren artean beti surfean ari dena.

Aznar horrek, Europako Alderdi Popularrean parte hartzeko egin beharreko guztia egin zuen, izenpetu beharreko guztia izenpetu, europar federalismoa zela, Autodeterminaziorako Eskubidea zela edota Subsidiarietatearen Printzipioa zela, eta handik gutxira, uko egin dio izenpetutako guztiari, eta europarren artetik europar-zaletasunik gutxien erakutsi duten Blair edo Berlusconirekin egin du bat.

Elkarren eskutik joateko beharrizanik handiena egon den unean hain zuzen hautsi dute Europa. Nork eta, pobre izateagatik Europar Batasunetik laguntza ederrak hartzen ari den herrialde bateko Gobernuaren buruak hautsi ere. Eta behatz puntetan jarri da amerikar erraldoiaren parera heldu gurean, aberatsenaren lepo gainera igo eta aberatsek hartzen duten tratua hartu nahi du. Saiek egingo duten jatorduan zati goxo-goxo bat hartuko duelakoan dago, gainera. Espainiako ekonomi alorreko aldizkari batean idatzitako legez: "Espainiako eraikuntza alorreko enpresak adurra dariola daude gerran suntsitutakoaren zatiren bat berreraikitzerakoan egokituko zaien lan mordoagatik". "Ikertzaile eta Inbertsio Banku gehienak aurreikuspen eta eszenatoki desberdinak aztertzen ari dira gerra osterako, eta, are gehiago, espekulatzen ari dira Irak berreraikitzeko erabiliko diren diru-kopuruekin.

Aztertuta eta kalkulatuta dago dena. Aznarrek eta erregimeneko enpresek badakite non, zer eta zenbat izango den. Eta orain Irak berreraikitzeko "laguntza oparoak" aipatuko dizkigute, lehenago Irak-en liberazioa, hondamendi masiborako armak edo Sadam-ek zekarren arriskua aipatzen zituzten bezala. Irak-en banatuko den botila ur bakoitza, errepide, argindar edo telefono-sarearen kilometro bakoitza, irakiarrek eurek ordaindu beharko dute euren petroleoarekin, "inbasioak dirauen bitartean" ez baita euren eskuetara itzuliko.

Titiritero-jokoa egiten ari diren Gobernuek zuzenduko dute, bionbo ostean egongo den amerikar jeneralaren esanari jarraituz. Siria Irak eta Israelen artean dagoenez gero, eta Iran berriz, Irak eta Afganistanen artean, Ekialde Erdiko eta Asia Zentraleko zonalderik aberatsena eta arriskutsuena menderatzea espero izango dute. Mundu mailako orden berria ezarriko dute, baina istilu-iturri den izango den ordena izango da. Orain dela aste pare bat, amerikar enpresa handienetako baten burua, espainiar enpresek hegoameriketan dituzten inbertsioen lepotik ari zen barreka lagunartean, Moncloaren aginduei jarraiki eta multinazionalak balira bezala hegoalderatu delako enpresa-partida bat. Amerikar horrek zera zioen barreka-barreka: "Guk bagenekien Hegoameriketan ez dela zereginik egongo luzaroan".

Amerikar Gobernuak, kideen interesak eta kide horiek agintean jarri dituztenen interesak defendatze aldera, globalizazioa mundu mailako ekonomiaren kontrol globala dela uste duenez gero, energi iturri oro kontrolatzeari ekin dio lehendabizi.

AZNARREK HONDATURIK

Aznarrek egina du bere aukera. Alderdiaren buruzagitza autokratikoa ziurtatu eta legebiltzarren gehiengoa eskuan, bere izaera zail eta konplexuz beteriko hori handikerien liluraz hornitu behar denez…, Munduko politikaren maila gorenean kokatu delakoan dago.

Gerra zikin honek eta konplexuz beteriko politikagintza honek, denok hondatu gaitu. Munduak gerrazale, erasotzaile eta probetxuzale baten modura ikusten du Espainia. Baina ez gaitu kokilduko politikagintza-mota horrek, txikia zapaldu eta handiaren aurrean makurtzea ohiko duen politikagintzak alegia; era horretako politikoak baitira politikari handiak lehenengo-lehenengo baztertzen dituenak.

Aspaldi egin genuen Europaren aldeko apustua. Europar batu baten alde, bere txanpon, militar eta Kanpoko Politikagintza eta guzti. Kide gehiago izatearen alde, Subsidiaritatearen alde. Barruan eta berdintasun-baldintzetan independentziaren alde. Bidea luzea bezain zehaztugabea zen, baina errealista era berean. Herri baten politikagintza ezin da buruzagiaren megalomaniaren pentsutan utzi, ez eta superpotentzia baten unean-uneko interesen pentsutan ere.

Ez ditugu ontzat emango "edo nirekin edo Sadam-ekin" moduko esaldiak, ez "ETArekin edo nirekin" modukorik. Argi dugu ez gaudela Sadam moduko jendearen alde edo ETA moduko erakunde erasotzaileen alde. Baina ezta neoinperiozalea den potentzia baten ondoan eta konplexuz beteriko buruzagi neofalangezale baten ondoan ere.

Demokratak gara eta bizitzaren eta jokabide politikoa ulertzeko dugun modua guztiz etikoa da eta, inolaz ere amorala. Sortu ginenetik gara horrelakoak, eta gure nagusiek eutsi egin diote modu horri, eta geure belaunaldiak ere beste horrenbeste egin du. Herri baten bizitza luzea delako, epe luzera jokatu behar da. Ikusten ari garen moduko jokabideek herri baten izaera hondatu besterik egiten ez dutelako.

GLOBALIZAZIOAREN KONTRAKO EKIMENIK?

Munduko zurrunbilo politikoaz gain, botereen arteko orekaren hausturaz gain, denoi eragiten digun eta dagoeneko aipatu dugun gertakari baten aurrean gaude: "globalizazioa" deritzona.

"Globalizazioaren kontrako" mugimenduak gero eta ugariagoak dira; "ezker berri" edo "errebelde berri" kontzeptuen pareko jo izan dira, eta injustiziaren kontra eta askatasunaren bila dabilen aseezineko gazteriaren egarria ase-betetzen ahalegintzen dira. Baina "Globalizazio" izeneko gertakari hori menderatzeko moduko erreboltarik ez da jaio, izan litekeenik eta eskuzabalena jaio bada ere. Ez dago inor Internet edo teknologia berriak desagertaraziko dituenik, ezta komunikazio ultra-arinak, jendearen inmigrazio masiboak edota ekarpen eta nahasketa kulturalak desagertarazteko kapaz denik ere. Bestelako kontua da globalizazioaren zenbait ondorioren aurka egitea edo hartaz baliatuz egiten diren gehiegikerien aurka egitea, besteak beste, langileen kontinente mailako esplotazioaren aurka eta sexu edo umeen esplotazioaren eta antzeko jokabideen aurka, edo mundu mailako informazioaren monopolio globalen, kapitalaren gehiegikerien edo droga-salmenten aurka. Horiek dira hain zuzen, gazteri errebeldeentzat eta mundu mailan benetan zilegia den ordena nola ezarri arduratuta dauden Nazioetarako moduko lan-alor berriak.

HERRI TXIKIA BAINA BIZIA

Euskaldunok herri txikia bezain bizia osatzen dugu, milaka urtetan toki berean, Europako ipar-hegoaren giltzarri diren lurretan, jarraitzen duen herria. Historiaren gorabeherak gorabehera, bere izaerari eta nortasunari eutsi izan dion herria. Bereari eutsi bai, baina era berean moldatzen erraza dena; ingurukoek edo bere lurrak zeharkatu dituztenek ekarritako kontzeptu, teknika eta bizimoduak berenganatzerakoan kinu eta planta gutxi egin dituena; itsasoan eta munduan zehar ibilia, emigratu egin duena eta inmigranteak hartu dituena. Nortasuna ez ezik, lehenagoko denborak bizi izanaren lekuko argia ere badu, neolitikotik bizirik irauten duen oroigarri bakarra: hizkuntza. Ez da, baina, gheto edo indioen babeslekuen antzeko toki batean barruan sartu; XXI mendearen hasieran, Europako herririk aurreratuenen mailan egoteko borrokan ari da, ordea. Herri honek aurrera egin izana Historian gertatutako miraria da. Eta gaur egungo belaunaldiak, inoiz baino prestatuenak, ez dira herri hau ez bere izaera desagertzen utziko dutenak. Ba dago antzeko beste herririk gauza bera adieraz dezakeenik ala?

Gaur egun zenbat jende eskuzabal dago utilitarismo hutsak edo ekonomiaren neurrigabekerien ondorioz agortzear dauden animalia eta landa-jeneroak zaintzearren guztiz konbentziturik eta sakrifikaturik. Ba al dago herriaren gizartea, hizkuntza, kultura edo teknologia garatu eta sendotzeak eragin diezaguketen ilusioa baino gauza handiagorik? Jator-jatorra izan eta nortasun handia duen herri baten biziraupena bermatzea eta garatuagoak eta erabiliagoak izan eta, gainera, zabalkunde handiagoko tresnak dituzten hizkuntzek iruntz dezaketen hizkuntzari eustea baino gauza ederragorik ba al dago?

Desagertuko dela penaz iragarri dutenak hainbat dira. Humboldt-ek berak ez zion XIX mende erditik aurreragoko bizirik eman. Francok eta bere lagunek, ostera, ahalak egin zituzten lur gainean harren errasturik ere ez uzteko, maila goreneko baloreak zaindu gurean, edo hobeto esanda politikagintza praktikoaren izenean, Espainiako gizartearen batasunerako eta berezko ondasuna zen batasun politikorako zuten oztopoa gainditzeko.

Gaur egun, berriz, espainiar indar politikoek, PP eta PSOEk, toleratu egiten dute gure hizkuntza, baina ikasi, erabili eta maite barik, ordea. Hiltzen joan dadila desio dute euren barru-barruan. Batzuk, eskuindarrak, herriko erabilera desager dadin ahalegintzen dira; gorrotoa besterik ez diote, edozein agerraldiri, politikoa izan nahiz kultura izan, gorrotoa dioten bezala. Horrela izan da beti, eta aurrerantzean ere halaxe izango da. Sozialistentzat, berriz, nazionalista espainiarrekiko batzuek duten aitortu gabeko atxikipena alde batera utziz gero, aipaturiko baloreak ez daude euren lehentasunen artean.

Baina ezin gara egon beti penatan, gure hizkuntzaren eta kulturaren egoeraren eragile bakarrak kanpokoak direlakoan. Une honetan, geu, euskaldunok, gara erantzule nagusi gure kulturaren indarra handia bada ezpada, edo maldan behera badoa ez badoa, geure burua euskalduntzat izan, euskaraz jakin euskaraz gutxi egiten dugunok. Errazenera jotzen dugu, inori edo bata besteari ez galarazteko. Gure hizkuntza zabaltzeko bide eta tresna egokiak ditugu, nahiz eta irla modukoak izan, frantsesa, gaztelania eta ingelesak irakaskuntzan, hizkuntzen hedapenerako eta erabilerarako duten itsaso zabal horretan.

"Lehenengo bizi eta filosofia ondoren", antzinako axioma latinoa bera, beti oso errealista izan dena, baina are eta errealistagoa gaur egun. Inork ez du nahikoa irabaziko, nahiz eta asko irabazi. Asko irabaztea, etxe eroso bat edo gehiago, luxuzko ibilgailuak eta bidaia eleganteak lortzea; hori da gure gizartearen gehiengoak gehien desio duena, sibaritismoa eta iritsi nahia edo handi izan nahia etengabe batuz, batzuetan "balore moral" bat bera ere izan gabe.

Baina "ogiarekin ez du nahikoa gizakiak", aurrekoa bezain zahar eta balioduna axioma hau. Jokabide egoista lehor horiek apur bat freskatzeko, geu zati bat garen gizarte honekin eskuzabal jokatu eta ilusio apur bat eskaini behar izaten diegun bakoitzean, euskal herria egiten ari gara.

Bakegintzan ere laguntzaile izan behar dugu. Geure gizartean bertan eta kanpoan ere, Irak-en adibidez. Bakea behar dugu, bizitzeko gutxieneko malgutasuna izan dezagun. ETAk hilketak, eragozpenak eta mehatxuak ekartzen jarraituz gero, orduan eta zailago izango du herri honek gorantz egiten. Inork ez du dudarik, euskaldunen gehiengoak indarkeria armatua desagertzea gura duenik; denboratxo dela hil zen Francok irakatsitako indarkeria da, ezin baita esan bere "indar armatu" horrek eta berak eragindako fusilamenduek Espainiaren eraikuntzan lagundu zutenik.

Ez da zilegia, bestalde, Aznar egunero mehatxuka ibiltzea, indarra eta Konstituzioaren 8. artikulua beti ahoan dituela, Cánovas-ek zioena gogora ekarri, hau da: "Indarra da Zuzenbidea". Izugarrizko esaldi horrek edozelako "borroka armatu"ri ekiteko gonbidapena eta justifikazioa dakar. Espainiaz duen kontzepzio falangista horrek armen mehatxupean zapaldu egiten du herri batek izateko eta erabakitzeko izan dezakeen gogoa.

Nola konbentzitu ETA, borroka armatua inmorala eta desegokia dela, terrorista esaten dieten berberek munduan zehar jendea hilten ari badira, Irak-en, Chechenian, Indonesia edo Filipinatan, eta bakea ekartzeko martxan ipintzen duten ekintzetako bakoitzak, berriz, indarkeria gehiago dakar, laster barru mundu islamikoan ikusteko aukera izango dugunez?.

Nola eratu dezake Aznar jaunak elkarrizketabide guztiei uko egiten dion erregimena, legebidez dagozkigun kontzesio politikorik ez egiteko batetik, aurrean dagoenari arrazoi apur bat ez ematearren, eta bestetik, aitzakiarik bilatu beharrik ez izateko legebidez dagozkigun eskubideak, autodeterminaziorako eskubidea eta iritzi kolektiboa askatasunez adierazteko eskubidea, aitortzerakoan?

Elkarrizketarako bide guztiak ukatzeak, gero eta autoritarioagoa den erregimen honen "remake" honek elkarrekin bizitzeko une latzak dakartza berarekin batera. Laster ikusiko dugu botere mediatiko, ekonomiko eta instituzional guztiak geure kontra lanean, EAJren kontra alegia.

Estatutuari besoak eta ankak moztu ondoren larri zaurituta utzi dute, edozein Auzitegi Nagusiren aurrean babes barik. "Ardanzaren Plana" ez zuten ontzat eman, elkarrizketa-zale fama zuen eta izan ere bazen Lehendakariak behin eta berriro proposatutako ekimenari ezetz esanez. Estatutua murriztuz eta, bandera balitz bezala, alderik aldera eragiten ari diren bitartean, "Ibarretxeren Plana" gaitzesten dute gezurtien argudioak erabiliz eta "Espainiaren berehalako zatiketa"ren aitzakiatan. Hasita daude.

Nazionalista euskaldun eta katalanak gara datorren zatiketaren eragileak, eta, bitxia bada ere, Maragall tartean jartzen dute, eta Zapaterori berari ere zatitzaileen eskutik datorren hondamendi patriotikoari eusteko gaitasun eza leporatu diote. PPk eta ez beste inork, babestuko gaitu hondamendi horretatik baina!. Hori izango da, beraz, Mayor-ek eta Aznar-ek udal eta foru hauteskundeetan eta 2004ko Orokorretan erabiliko duten lema berria. Ez da hautesle euskaldunentzat izango, Ebro ibaitik behera bizi diren hautesleentzat baino. Hartara, gezurra eta euskaldunenganako gorrotoa berbiztuko dituzte ostera ere.

Orain arte eutsi egin badiogu eta irabazi egin badugu, ez dago etorkizunari zertan beldur izan, hamaika erasoaldi jasan eta gero beste bati beldur izango ote diogu? Geure burua harro sentitzeko balio izan diguten indar eta ilusio horiei eutsi eta aurrean jartzen zaizkigun guztiak hauteskundeetan gainditzeko prest bagara, ez dago beldurrik.

ABERRI EGUNA

Aberriaren Eguna, 1931ko apirilaren 13an Errepublika proklamatutakoan abian jarritako prozesu autonomikoaren krisialdiarekin batera jaio zen. Milaka euskaldun heldu ziren Bilbora, euren aberria Euzkadi zela aldarrikatzeko.

Arana Goiri´tar Sabinek -hil zela ehun urte aurten- XIX. mende amaieran aldarrikaturiko mezua, ideia eta egitasmoa da, hau da: "Euzkadi euskaldunen Aberri da". Orduan hasi zen aberrigintzaren bidealdia, Obanoseko Infantzoien dibisa gogora ekarriz Irujo´tar Manuelek honela osatu zuena: "Libreak diren gizakiz osatutako Aberri librea". EAJk ez zuen nahi, ez du nahi eta aurrerantzean ere ez du nahi izango gizon eta emakume librerik ez duen aberririk, ez gurerik. ETArik gabeko aberria nahi du, kanpoko inposaketarik eta mehatxurik gabekoa.

1978an, Demokrazian ospatzen genuen lehen Aberri Egunean, honako hau aldarrikatu genuen: "Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarako Autonomi Estatutu Nazionala eskuratu behar da lehenbailehen, Euzkadiko bizitza politikoa normalizatzeko ezinbestekoa dela aldarrikatzen dugulako. Gure herriak ez du erabateko demokrazioarik izango harik eta Konstituzioak haren burujabetasuna eta bere buruaren jabe izan ahal izateko autodeterminaziorako eskubidea aitortu arte".

Helburu horrek, 1979ko Gernikako Estatutuan izan zuen lehen emaitza. Harrez gero, EAJk ez dio Gernikako Estatutu osoan sinisteari utzi, Hitzaurretik hasi eta Xedapen Gehigarriraino hartuta. Ibilbide luze eta neketsua igaro dugu, lortu behar izan den konpetentzia berri bakoitzeko, unean uneko Gobernu Zentralari ondotxo ordaindu behar izan baitzaio: Gobernu PSOErena izan, zein eskuindarra izan; batzuek ez besteek ez dute Estatutuan federik izan, eurentzat baliabide dialektiko hutsa izan baita.

Horregatik hain zuzen, 1932ko lehen Aberri Egun hartako moduan eta 1978an Francoren diktaduraren ostean demokrazian ospaturiko lehen Aberri Egun hartako moduan, Euzkadik izango duen aro berri baten atarian gaude une honetan. Errespetu aroan, Herri honen borondatea errespetatzeko aroan. Ilusio aroan, bakearen eta Euzkadiren alde lan egiteko aroan. Oraina eta geroa aurrean ditugula. Euskaldunok etorkizun historiko, politiko eta sozial berri bat dugu aurrean.

Europarekiko sinismen hura, gure alderdiak 1942an eratu eta gerra ostean garatukoa, berretsi behar dugu. Zalantza-izpirik gabe sinisten genuen dotrina eta pentsakera hura berreskuratu behar dugu: Europar Batasunaren muina Herrien Europa izan dadila.

Geure pentsakera politikoa berretsi beharko dugun aro baten atarian gaude. 1942 EAJk Europaren aldeko apustua egin zuen; 1949an, berriz, autodeterminaziorako eskubidea bihurtu zuen bere dotrinaren muin. Euskaldunok nahi genuelako bihurtu ginen nazio. Nahi duguna izango gara.

Hori da, zalantzarik gabe, Lehendakariak alderdi politikoei lehenengo eta ondoren gizarteari aurkeztutako proposamenaren oinarrietako bat. Geure dotrinaren muina osatzen duen printzipioa, gure tradizio historikoaren lekukoa.

Francoren diktadura ostean igaro diren 25 urte pasatxo hauetan askotan ekin dio Alderdiak gure Herriak bizi duen arazo politiko hau konpontzeko bidea zabaltzeari. Horren adibide dira Ajuria Eneako Ituna, 1988koa, Ardanzaren Plana 1998koa, eta Lizarra-Garaziko Hitzarmena1998koa.

Hiru ekimen horietan, asmatu egin da eta huts ere egin da, arazo politikoa eta indarkeriarena konpontzeko erabilitako bideetan. Ezin dugu geldi egon, baina. Ezin diogun lan egiteari utzi baina. Gaur egungo egoera honi arrakalatu egin behar diogu, eta konponbidea asmatu, eta hori da Ibarretxe Lehendakariaren Proposamena.

Gaur Aberri Eguna da. Berbizkunde garaia. Dugun Aberri honetan, beste inorena ez den Aberri honetan dugun fedea berbizteko garaia da. Geure barru-barruko Aberria, leku batean edo beste batean egon, modu batera zein bestera egon, Euzkadin dela, Kanarietan dela, Parisen dela, etxean edo hospitalean dela.

Aurtengoak 71 garren agurra eta ospakizuna dira. Egunen baten libre ikusiko dugun ilusioarekin, eta inposatutako aberririk eukiko ez dugulakoan.

Barruan daroanak ez dio beldurrik ez lanari ez pertsekuzioari… 40 urtez ibili izan gara espetxeratuta, erbesteratuta, mendiratuta, etxe barruan ezkututa edo Guardia Zibilak inguruan edo atzean ditugula ospatzen. Suak markatuta eta burdinaz finkatuta geratu zaigu eguna.

Geure arteko haserre eta ezinikusiak albo batera utzi ditzagun eta senti dezagun poza sakon-sakon sartuta, herri zahar eta zintzo honen zati bat garelako, itsaso eta mendi berdez apaindutako lur honen zati bat garelako. Eta ilusioa izan dezagun libre eta bere buruaren jabe egin dezagun, geure txikitu gurean eurenari "Grande" esan ohi dioten hori inposatu nahi digutenen pertsekuzioa gaindituz.


GORA EUZKADI ASKATUTA!
Euzkadin, 2003ko apirilaren 20an

 
Joomla Templates by Joomlashack