|
EAJ-PNVREN AGIRIA ABERRI EGUNA 2004AREN AURREAN 1. Aitzindarien eredua 2. Aldatzen doan mundua. 3. Gizalegezko nazioa 4. Nazio solidarioa 5. Bartzelonako Adierazpena: nazio euskaldun, katalan eta galiziarra ezagutarazteko apustua 6. Euskadi Europan: Nazio eta herri ugariekin elkartutako proiektua
1. Aitzindarien eredua "Estatu bakar batek nazio guztiak hartuko ditu egunen batean… Egun ez dago estaturik bere diruaren balioaren, armadaren, kanpo-politikaren joeraren jaun eta jabe denik. Arlo horietan eta beste batzuetan ere, hala nola, ekonomi arloan, egunean-egunean indar handiagoz nabaritzen da estatuaren eskumenetatik aldentzen direla ere, erakunde handiagoen eskumenen barruko eginkizun bilakatuz. Beste alde batetik, gaur egungo estatua deszentralizatzen doa, eta estatuaren kontzeptuak (oraindik berria denak) estatuei aurretik kendu zizkien zenbait ahalmen eman dizkie behe-mailako erakundeei. Gaur egungo estatua, bere gogoz kontra, husten, ahultzen doa, eta desagertu egingo da. Etorkizunean, indar txikiagoko estatua baino ez da bizirik geldituko, betiere, estatu hori zabalagoa izango da, eta berezko komunitateek indarra izango dute bizi izateko; bada, azken garai horretan komunitateon etsairik handienaren azken hatsa ikusiko da, eta borrero hori, alegia, estatua, hil-aginean izango da lanean gaur egun eratuta dagoen moduan. Askoren ustez, burutazioak izango dira ideia horiek, eta beste askok usteko dute gure tronpetak indargeak direla hain gotorleku indartsuen babesak behera botatzeko. Hitz horiek euskal gazteentzat dira, eta beraiek izango dira hemendik aurrera gertatu beharrekoaren lekuko, eta ohartarazi behar da asko beraien eta europar gazteen esku egongo dela". (Javier de Landaburu. 1956. urtea) Landabururen "La Causa del Pueblo Vasco" liburutik ateratako hitzez hitzezko pasartea da aurreko hori eta, irakurtzerakoan, harro aitortzen dugu Agirre lehendakariaren, Javier de Landabururen, Manuel de Irujoren, Leizaola lehendakariaren, Joseba Rezolaren, Juan de Ajuriagerraren eta beti askatasunaren alde eta nagusikeria eta totalitarismoaren aurka egon ziren beste hainbesteren oinordeko politikoak garela. Europan bizi diren nazio, herri, kultura eta hizkuntzen aniztasuna errespetatuko zuen mugarik gabeko Europa mailako proiektu baten barruan euskal nazioa eraikitzeko apustu egin zutenen oinordeko politikoak. Hitz horiek Erromako Ituna sinatu baino urtebete lehenago idatzi zituen, denboraren poderioz egun Europar Batasuna bilakatu denaren jatorria izan zen ituna hain zuzen ere. Garai hartan, Agirrek eta Landaburuk dagoeneko sumatu zuten Europar Batasunaren bilakaera, eta Euskadiko autogobernuak ekarriko zuen aukera aparta. Manuel de Irujok honakoa idatzi zuen 1977an: "(Landaburuk) bildutako gogoetek Euzko Alderdi Jeltzaleak (Iruñako Batzarrean) 21 urte beranduago aurkeztuko zuen programaren ildoak aurreratu zituzten". Gaur egun oraindik, 2004ko Aberri Egunean, lotsa barik esan dezakegu Agirre eta Landabururen plantamenduak indarrean daudela oraindik eta, Churchillek definitu zuen bezala Finisterretik Uraletaraino politikaren alderditik Europa batua izateko proiektua, (berori osatzen duten nazio guztien erabaki demokratikoek merezi duten begirunea eta guzti), kontinente honetan bizi garen estaturik gabeko nazioen asmo politikoen eragilea da oraindik ere. Landaburuk nazioen Europaren bilakaera politikoari buruzko bere hausnarketen lekukotzat hartu zituen euskal eta europar gazteak. Eta beraren hitzen balantzea egin behar dugu. Gaur, berrogeita zortzi urte ondoren, euskaldunok, europarrok, gazte zein helduok esan behar dugu Landaburu eta Agirre zuzen zeudela, estatu-nazio klasikoa ahultzearen bidez sortuko omen zen Europar Batasunaz egin zuten azterketa zuzena zela, bai eta herriak edo errealitate naturalak azaleratu eta Europa komun horretan zuzenean parte hartzeko zuten uste osoa zuzena zela ere. Ikuspuntu itxia duten buruzagiek zabarkeria eta trabak eragin dituzten arren, Europa bere lehenengo Konstituziorantz zuzentzen den garai honetan, duela berrogeita hamar urte helburu hori aurreikusi zutenak gogoratu behar ditugu abertzaleak garen aldetik. Eta alderdi guztien arteko eztabaidaren bidez euskaldunok gure nazioaren aintzatespen juridiko eta politikoa ahalbidetuko duen elkarbizitzarako akordioa, gaur egungo munduak eskatzen dituen beharrizanetara egokitutako autogobernua eta Europako foroetan zuzenean parte hartzea nahi dugun urte honetan, euskal nazioaren geroa mugarik gabeko Europaren atarian kokatu zutenen ikuspuntua aintzat hartu behar dugu. Aberri Eguna ospatzen dugun egun honetan, Europa eraikitzeak duen garrantziaz jabetzen aitzindariak izan ziren euskal abertzaleak gogora ekarri nahi ditugu. 1933. urtean Euzko Alderdi Jeltzalea bateratu berri zegoen eta ordurako "Euzkadi-Europa" goiburua zuen Aberri Eguna ospatzera ausartu zen urte hartan; bigarren Aberri Eguna zen hori hain zuzen. Hirurogeita hamaika urte beranduago, europazale jarrerak indarrean jarraitzen du Euzko Alderdi Jeltzaleko abertzaleen artean, euskal nazioa Europan eraikitzeko lanean baitihardugu. 2. Aldatzen doan mundua
XXI. mendearen hasieran euskal abertzalea izateak gaur eta hemen euskal nazioa eraikitzeko eredua zein den aztertzea dakar. Gaur egungo errealitatea inflexio-puntua da historian. Analista batzuek uste dute gizakien historian bi iraultza teknologikoak baino ez direla izan, eta iraultza horiek inguruan daukagun informazio-teknologien iraultzaren berdintsuak direla, ondorio politiko-ekonomiko eta soziokulturalei dagokienez. Lehenengo iraultza Neolitoan gertatutakoa da: nekazaritza eta abeltzaintza teknologiak sartzean, gizaki biltzaile eta ehiztaria nekazari eta abeltzain bihurtu zen. Elikagaiak lortzeko moduek behartutako kultura nomadatik kultura sedentariora igaro zen eta nekazaritako soberakinek zuzenean produktiboak ez ziren jarduerak sortzea eragin zuten. Horrek guztiak gizarte-antolakuntzako modu berria sortu zuen: hiria. XVI. eta XIX. mendeen artean, bigarren iraultza nagusia gertatu zen: lurrun-makinak industrializazioa eragin zuen. Inprentaren aurreko garapenak eta ezagutzaren aurrerapenak maila handian lagundu zioten horri. Eta horrekin guztiarekin, ekoizpen handiak, merkatu handienak eta uniformizazio kultural eta linguistikoa pixkanaka-pixkanaka estatu-nazioa eraikitzen joan ziren, egitura politiko gisa. Prozesu horretan euskaldunok subiranotasun propioa izateko ahalmena galdu dugu, estatuaren egituran sartzea ezina baitzaigu. Eta XXI. mendera heldu gara. Hauxe izango da hirugarren iraultza teknologiko nagusiaren mendea, analistek esaten dutenaren arabera. Informazioaren teknologiak gizarteak eta beren harreman-sareak aldatzen ari dira kualitatiboki. Horren eragina aipatutako beste bi iraultza handiek izan zuten eraginaren berdintsua izaten ari da eta izango da, gutxienez. Gaur egungo garaiaren ezaugarri adierazgarrienetako batzuek zerikusia daukate informazioa biltegiratzeko aparteko gaitasunarekin, munduko leku batetik beste batera igortzeko berehalakotasunarekin eta informazio hori eskuratu eta edozein pertsonarengandik eta edozein pertsonarengana edota komunitatera zabaltzeko mugarik gabeko aukerarekin, informazioaren neurria edozein dela ere. Inozoa da informazioaren edo ezagutzaren gizarte horrek (deitu ohi den bezala) bere egitura politikoak eta bere antolakuntza-moduak aldatuko ez dituela pentsatzea. Alvin Tofflerrek 1994an idatzi zuen bezala, "Aspaldiko zibilizazio baten azken belaunaldia gara, eta zibilizazio berri baten lehenengoa". Iraultza teknologikoaren ondorioak nabarmenak dira ekonomian, globalizazio deritzon fenomenoaren barruan. Beraren seinale nabariena mugikortasuna da: produktuen mugikortasuna, mota askotako zerbitzuen (finantzarioak, teknologikoak, juridikoak, etab.) mugikortasuna, eta kapital-mugikortasuna, informazioa munduko leku ezberdinen arteko berehalako transakzioen oinarria dela. Inork ezin du informazio-fluxu hori kontuan ez hartu edo ukatu. Zenbait estatu saiatu egin dira hori egiten, arrazoi politikoengatik edo erregimen totalitarioei eusteagatik. Hala ere, garapen ekonomikoak informazio-fluxuetara irekitzea dakar derrigorrean, eta behin bidea ireki ondoren, kultura eta ideologiak horretan zehar dabiltza, merkataritza-transakzioen modura. Mundu osoko prospektiba adituak bat datoz, informazioa estatu-nazio klasikoak egitura politikoa den aldetik daukan izaera hondatzen eta eraldatzen ari dela esatean. Merkatu handienek estatuz gaindiko egiturak eskatzen dituzte, merkatu baten erregulazioak ingurumen, gizarte, zerga eta moneta aldeetan erabaki-eremuak berekin dakartzan neurrian. Esan daiteke egitura zorrotzek -eta XIX. mendeko moduko estatu-nazioak horrelakoak dira- hurrengo anakronismoa daukatela: handiegiak dira garrantzi txikiko gaiei ekiteko, eta txikiegiak dira, garrantzi handiagoko arazoak konpontzeko. Horixe da, hain zuzen ere, mundu garatuan "eskualdeko" espazioak sortzera bultzatzen duen arrazoia, funtsean. Horren adibide dira Europar Batasuna, Mercosur, Merkataritza Libreko Tratatu amerikarra eta ASEAN. Horietako batzuek, esate baterako Europar Batasunak, egitura politiko makroestatalen ezaugarriak hartu dituzte jada, barne-merkatu finkatua, moneta bakarra, espazio polizial eta judizial baten garapen-eremua eta segurtasun komun hasiberria dauzkatela. Fenomeno horren parez pare, beste bat gertatzen ari da mundu mailan. Guk estaturik gabeko herrien nazionalismoa deituko genioke, zenbait egilek estatu-eskualdeen berpiztea esan dioten arren. Globalizazioaren fenomenotik zuzenean ondorioztatutako lehenengo motibazioa "sustraien beharra" izenarekin ezaguna den sentimendua da. Mundu transnazional eta ireki honetan dimentsioa giza indibidualtasunaren pertzepziotik oso urrun dago, eta gizakiek beraiekin bat egiten duen ingurunearen sustraiak aurkitu behar dituzte, horiek gabe ez baitute euren burua ulertzen. Gizartea eta ekonomia globalizatuta egonda, handia izatea jada ez da abantaila. Dirua eta informazioa transnazional bihurtu ondoren, unitate txikiak bideragarriak izan daitezke, ekonomiaren ikuspuntutik. Azken urteotako benetako istorio arrakastatsuen protagonistak estatu txikiak edo tinko sortzen diren eskualde ekonomikoak izan dira, hala nola, Lonbardia Italian, Savoia Frantzian edo Osaka eta Kansai Japonian. Hori dela eta, analista batzuek, esate baterako, Kenichi Ohmaek, "ekonomia-eremu natural"aren kontzeptua sortu dute, ezaugarri berezi jakin batzuk eta dinamismo handia dauzkaten inguruneak izendatzeko. Ingurune horiek mundura irekita daude ekonomia-mailan, eta espazio kontinental handi baten barnean egon ohi dira. Erromako Klubaren "Mundu-mailako lehenengo iraultza" izeneko prospekzio-txostena etorkizunari buruzko lan interesgarria da, eta 1992an argitaratu zen. Txosten horrek bi joera horiek aztertzen ditu: aspaldikoa, zentralista eta uniformizatzailea zena, eta modernoena, nortasun kulturaletan eta atxikimendu askeko eremu nazionaletan oinarritzen dena. Halaber, hurrengoa adierazi zuen: "Itxurazko gatazka hori gaur egun dagoen sistema politikoaren barnean bi joerak adiskidetzeko zailtasunetik ondorioztatzen da, sistema estatu-nazioaren ereduan zorrotz oinarrituta baitago. Ondorioz, erabakiak hartzeko maila egokien birformulazioa egin behar da, erabaki-puntuak erabakien ondorioei etekina ateratzen dioten edo ondorio horiek jasaten dituzten pertsonei ahalik eta neurri handienean hurbiltzeko". Euskal nazioa muga fisikoak desagerrarazten dituen etorkizunean eraikitzeak, erregulazio homogeneoak dauzkan merkatu bakarrean eta handian sartzeak, eta Europaren eremurako komunak diren defentsa eta segurtasun, moneta eta diru politiken espazio kontinental handiagoak definizio eta tresna berriak eskatzen dituzte. Horregatik, Lehendakariaren proposamenak, Estatutu Politiko Berriaren proposamenak, hain zuzen ere, oinarrizko gaiak jorratzen ditu: euskal nazioaren aintzatespen juridiko eta politikoa; herria, pertsonak zuzenbidezko subjektu gisa hartzea, euskal gizarteak indarkeriarik gabe eta askatasunez bere estatus politikoari buruz erabakitzen duena errespetatzea; aldatzen doan mundu honetan euskal gizartearen garapen eta ongizaterako beharrezkoak diren autogobernuko mekanismoak. 3. Gizalegezko nazioa Euskal nazioa XXI. mendean herritarren gunea da batik bat. Aberri Eguna ospatzen dugun honetan, argi eta garbi nabarmendu nahi dugu gure nazioa askatasun, eskubideen eta betebeharren gizalegezko gunea dela. Herritar guztien nazioa. Hemen bizi garen guztion nazioa, eta berton elkartzen gaituena ez dago iraganera begira, izan ere, orainaren loturei eta elkarbizitzan oinarrituriko geroari eusten die. Gure nazio etorkizuna euskal naziotasunera zabaltzen da, hau da, gure nazioko herritar guztiei zabaltzen zaie, dagoeneko Eusko Legebiltzarrean eztabaida-fasean dagoen Estatutu Politiko Berriaren proiektuan azaltzen den legez. Europan eta Espainiako estatuan, naziotasuna, immigrazioko lege murriztaileak oinarritzat harturik eta jatorriaren arabera herritar talde handietara mugatzearen alde agertzen direnen aurrean, gure nazio eta gizarte ereduak guztiok eskubide zibil eta politiko berdinak izateari eusten dio. Nazio honetan guztion arteko lotura ez da nondik gatozen, baizik eta nora joan nahi dugun, egunero elkarrekin asmoak banatzeak, bizitzeak, lan egiteak, ikasteak, maitatzeak, barre egiteak, negar egiteak eta amets egiteak egiten gaituztelako nazio bereko kide. Nazio honetan, Euskal Herriaren eskubide historikoen gainetik, herritarrek proiektu berri bat eduki eta guztiok elkarrekin bizitzeko etorkizun komuna eraikitzeko duten nahi horri eusten dio geroak. Gizalegezko nazioa, oraina bera dugun eta geroa elkarrekin eraiki nahi dugun herritar askeen nazioa, gure gogoa askatasun osoz adierazteko eta horren gainean gure estatus politiko, juridiko eta instituzionala eraikitzeko eskubidea dugun herritar askeen nazioa. Milaka urteko Euskal Herrian errotua eta aldi berean XXI. mendeko munduari zabalik dagoen nazioa. Eduardo Txillida euskal eskultore ospetsuak esan ohi zuen bere lana zuhaitz baten modukoa zela, sustraiak euskal lurrean dituena, eta adarrak eta hostoak munduari zabalik. Txillidak bat egiten du Etxepareren "jalgi hadi mundura" esaldiarekin eta Iparragirre koblakariaren "eman ta zabal zazu"rekin. XVIII. mendean tradizioaren eta berrikuntzaren irudia izan ziren Larramendi eta Muniberekin. Larramendik Euskal Herriaren nortasuna bildu eta hizkuntza-politika instituzionalaren oinarriak sustatu zituen, aurreko mendean jada Andres de Poza juristak egindakoaren ildotik, eta Munibek bere garaiko euskal gizartean Ilustrazioari, zientziaren garapenari hasiera eman zien, emakumeak eskolatzea eta emantzipatzea bultzatu zituen, baita teknologia industrial berriak ere, aurreko mendean Villarreal de Berriz bezalako "novatoreek" aurrerapen tekniko, zientifiko eta komertzialari zenbat lagundu zieten aintzat hartuta. Gaurko Aberri Egunean adierazi behar dugu gizalegezko nazioa, aberri ireki eta integratzaile gisa, dela Euskadi XXI. mendean eraikitzeko helburua. 4. Nazio solidarioa
"Nazionalismoak nazioa berreraiki nahi badu, eraikuntza nazionaleko egitarauak eduki soziala izan behar du". Javier Landaburuk esan zuen orain dela 58 urte, eta gaur egun ere egia borobila da. Merkatua erreferente bakarra omen den mundu batean, gizarte-kohesioa eta elkartasuna bermatzen duten ereduak bilatu behar ditugu, beti ahulenen alde eginez. Nazio eta herri kontzeptuak gizabanakoaz haratago doaz. Nazioa, talde gisa batzen gaituen heinean, geure gizartean elkartasuna bermatzeko modurik egokiena da. Nazio horretan sartzen gara guztiok: langabetua, HIESa duena, bere kasa ibiltzeko zailtasunak dauzkan amona, elbarriak… horiek ere gutakoak dira. Horregatik, eta gutako bakoitza denok garelako, merkatu ekonomia eta askatasuna errespetatuz, erabateko liberalismoak suntsitzen duen oreka soziala sortu behar dugu, eredu berriak bilatuz bidez. Nazio bateko kide izatearen sentimendua, gaur egun, norberarena dena, nortasuna, ezagutzeko modua da. Euskararekin, euskal kulturarekin, Euskal Herriarekin, euskaldunon nazioarekin dugun lotura da. Mundu globalizatu honetan, nazioa barne-munduarekiko identifikazioa da: maite ditugun gauzak, geure gauzak. Uniformitate globalaren aurrean finkatzen dugun aingura da, eta ugaritasunari geure ekarpen jatorra egiteko abiapuntua. Ibarretxe lehendakariak dioenez, "… geuregana dezagun orokorra dena, geurea emanaz". Betiere, aurrekoaz gainera, komunitate nazional bateko kide izatea gizarte solidarioak izateko armarik onena da. Euskal nazionalismoa elkartasunezko mugimendua da. Ez da kasualitatea euskal gizarteak hain nortasun-sentimendu handia izatea eta, aldi berean, gai hauetan geure inguruko politikarik aurrerakoienak izatea. Politika ekonomiko liberalak dauzkaten gizarte modernoetan (Estatu Batuetan, esaterako), elkartasuna handitzea gura dutenek komunitate sentimendu hori (the sense of community) garatu nahi dute, horrela elkartasunezko politika berriak sortu ahal izateko hezkuntzan, osasunean eta babesean. Guk, zorionez, badugu komunitate bat, leku berekoak garelako sentimendua, alegia. Nazionalismoa elkartasun ezaren aurkako armarik onena da gaur egun Euskadin. Elkartasunak gure gizartetik indarkeria, mehatxua, estortsioa eta izua kanporatzeko eskatzen digu. Ezin dugu atseden hartu, pertsona bakar bat bere ideiengatik, bere lanbidearengatik edo bere jardun politikoarengatik mehatxaturik dagoen bitartean. Betiko moduan, pertsona guztien eskubideak defendatzen ditugu. Horregatik, justizia mendeku gisa eta botere-gehiegikeria gisa aplikatzea salatzen dugu. Delituak edozein izanik ere, askatasuna kentzen zaion pertsona orok tratu duina merezi du, batez ere Zuzenbide Estatua jagon behar dutenen aldetik, horixe baita oihaneko legearen eta demokraziaren artean dagoen desberdintasun nagusia. Emakumeen aurkako indarkeria (etxeko indarkeria ere esaten zaiona) erabat salatzen dugu. Emakume bakar batek pairatzen duen bitartean, salatzen jarraituko dugu. Generoko indarkeria ez baita eremu pribatukoa. Eremu publikoko arazoa da, eta komunitateari dagokio pertsona guztien osotasuna zaintzea, bai eta goitik beherako ezarketaren aurrean jasankortasun eta errespetuaren baloreak bultzatzea ere. Gizartea eratzen duten pertsona guztiekiko elkartasunak homosexualek eskubide guztiak izatea eskatzen du ere. Urte luzeetan baztertuak izan dira, eta pertsona gisa beraiei dagozkien eskubideak kendu egin zaizkie; oraindik ere ezin dituzte euren eskubideak gainerako herritarren moduan gauzatu. Elkartasuna, justizia, eta pluraltasunarenganako eta bizikidetzarenganako errespetuak pertsonen hizkuntza eskubideak babesteko ere eskatzen dute. Hizkuntzaren normalkuntzak aurrerapauso handiak egin ditu; guztion artean ahalegin handiak egin ditugu. Baina oraindik ere pertsona askok eragozpen errealak dauzkate euren hizkuntza eskubideak erabiltzeko, eta sufritu egiten dute. Oinarrizko zerbitzuak euskaraz unibertsalizatzeko ordua dugu. Geure gizalegezko nazioko hiritar guztiek garapen pertsonaleko aukera eta errespetu berberak izan behar dituzte. Bestela, elkartasun hori ez bada unibertsala eta benetakoa, nazioak berak bere izaera eta izateko arrazoia galtzen ditu. 5. Bartzelonako Adierazpena: nazio euskaldun, katalan eta galiziarra ezagutarazteko apustua
1993ko uztailaren 25ean, Galiziar Aberri Egunean, "Galeuzca" sortu zen. Sorrerako agiria erakunde hauek sinatu zuten: "Acció Catalana Republicana", "Unió Democrática de Catalunya" eta "Palestra" kataluniarrek; "Ultreya" eta "Partido Galeguista" galiziarrek; eta Euzko Alderdi Jeltzaleak, Irujo, Rezola, Isusi eta EBBko lehendakari zen Doxandabaratzen eskutik. Geroago, Bilbon egin zen batzarrean, ANV, ERC, Lliga Catalana, Vanguardia Nacionalista Galega, Centre de Actuación Valencianista eta Acció Nacionalista Valenciana taldeek ere bat egin zuten "Galeuzca"rekin. Bartzelonako Adierazpena "Galeuzca" haren oinordekoa da, José Antonio Agirreren hitzetan helburu hau zuena: "espainiarren onarpen ezaren aurrean, penintsulan berpizten ari diren herrientzat politika handi baten oinarriak prestatzea". "Galeuzca" eraberritu hori eratzen dute Convergencia i Unió-k, Bloque Nacionalista Galego-k eta Partido Nacionalista Vasco-Euzko Alderdi Jeltzaleak. Etapa politiko berri honi ekiteko, elkarlana da oinarria. Helburua, nazioen berdintasuna eta gizarte berdintasuna defendatzea, oso argi izanik gizabanakoen eskubideak bakarrik berma daitezkeela direla baldin eta taldeen, nazioen, herrien eskubideak errespetatzen badira. Sinesturik gaude geure nazioei ahotsa eta hitza ukatzen dizkien ideologia politikoaren alternatibaren ardatz eta erreferente bihurtzeko moduan gaudela, eta estatuko eta Europako instituzioetan elkarlana estrategikoa dela, alderdi-interes zilegietatik haratago. Ikuspegi honetatik, elkarlan honi ekin diogu, Euskadi, Galiza eta Catalunyako errealitate nazionalak juridikoki, politikoki eta sozialki aitortu daitezen lortzeko. Argi dugu uniformismoa eta ezberdinak direnekiko tolerantzia eza direla elkarbizitza politiko eta soziala kaltetzen dutenak, eta aniztasunarenganako errespetuak, aldiz, demokrazia eta Zuzenbide Estatua mesedetzen dituela. Nazioarteko politika printzipio hauen arabera gidatzearen aldeko gara: legezkotasuna, nazioek eta herriek euren burua gobernatzeko eskubidea, elkarbizitza, elkarrizketa eta bakea. Lankidetza izaera honekin eta Europan ahots sendo bat lortzeko helburuarekin, "Galeuzca" haren jaraunsle garen taldeok ikuspegi ireki eta integratzaile batetik lan egingo dugu, geure ahotsa entzunarazteko eta Europan geure presentzia posible izan dadin. 6. Euskadi Europan: Nazio eta herri ugariekin elkartutako proiektua Europako proiektua eta Euskaditik proiektu horretan parte hartzea dira gure helbururik handienetakoak. Horra hor nazionalismoak jaso duen beste jarauntsi garrantzitsu bat, Agirre, Landaburu eta Irujoren belaunaldiak, gerra eta erbestearen belaunaldiak, emandako jarauntsia. 1935. urtean, Jose Antonio Agirre eta Juan Antonio Irazustak, EBBri txosten zuzendu zioten: "Euzko Alderdi Jeltzaleak atzerrian egin beharreko lanetarako proposamena". Hauxe zioen txostenak: "Gaur egun Europan gure kasu nazionala ezaguna da. Baina interesa piztu behar du oraindik, horretarako egitate politiko bihurtuz. Geure esku dago neurri handi batean". Europan sinesten dugu. Mugarik gabeko Europan, ez baitugu muga berririk nahi. Muga gehiegi sufritu dugu orain mugen alde eta nazio-estatuen alde egiteko. Orain dauden mugak desagertzea gura dugu; horregatik, espazio komun batean sinesten dugu, bertan bizi diren nazio, herri, kultura eta hizkuntza guztiak errespetatzen dituena. Europa horretan, Euskadi errespetatua izan behar da; guk geurea emango diogu guztion ondareari. Estatuen batasun gisa jaio zen Europa horrek bere espazioa sortu zuen gutxika-gutxika, eremu ugaritan: moneta, barne-merkatua, politika fiskala, segurtasuna, eremu judiziala eta kanpo harremanak. Prozesu hau, geldoa izan arren, geldiezina izango da. Estatuen Europa bestelako gauza batean bilakatzeko zuzeneko eragina izango du, eta hor europar osagaiak izaera politiko nabarmena izango du. Izan ere, egungo errealitate ezberdinek hala erakusten dute. Beharbada, Europako Konstituzioaren egitasmoa bilakaera honen paradigma izango da. 1993an "Herman Txostena" idatzi zenean, konstituzioaren ideia utopia hutsa zen. Harrezkero, aukera horretarantz ari gara ibiltzen, Europako estatu batzuetako agintarien itsukeria gorabehera. Aznar, konstituzioaren aurka, Europako konstituzioa eratzeko proiektua oztopatzen saiatu zen, bere ultranazionalismoak bultzaturik. Badakigu Europako konstituzioa ez dela izango geure garapen osorako behar dugun Europako proiektua, ez baitauka mekanismo argirik estaturik ez daukaten herri eta nazioek Europa horretan parte hartu ahal izateko. Ez da gure proiektua erabat. Guk proiektu aurreratuagoa nahiko genuke, alegia, nazioak eta herriak argiago ezagutuko lituzkeen proiektua. Nolanahi ere, konstituzio europarraren aldeko gara. Europa bere errealitate eta eragile berriekin eraiki behar da. Euskaditik, Europako Batasunaren organoetan zuzeneko ordezkaritza izatearen aldeko apustua egiten dugu, Europako arautegiaren arabera, eta gure eskumenekin zerikusia duten erabakiak hartzeko prozeduretan parte hartze aktiboa izan gura dugu. Eskubide hori dagokio proiektu konpartitu honetan bere ahalegintxoa egin gura duen nazio honi. Baina, bestetik, autogobernu moderno bat izateko nahitaezko tresna da, etengabe aldatzen ari den mundu bati egokitua, gure herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko aukera ematen diguna. Estatutu Politiko Berrirako proposamenak apustu garbia egiten du euskal instituzioek Europaren proiektuan parte har dezaten. Nekez izango gara europar proiektu honetako partaide, baldin eta estatuek ez badute mekanismorik sortzen gure ordezkari publikoak europar instituzioetan egon ahal izateko. Gainera, uste dugu Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkarlana lehentasuna dela, herrien ezagupenean oinarritzen den Europa eraikitzeko oinarri gisa, Euzkadik proiektu horri ekarpena egiteko, aniztasuna errespetatuz. Schuman, Adenauer eta De Gasperi izan ziren Europaren ideiaren guraso; mugako gizonak ziren. Euskaldunok ere mugen seme-alaba gara. Muga batek urratutako herria. Zati bat espainiar estatuan dago eta bestea, frantziar estatuan. Historiaren orbain batek bakarrik bereizten gaitu, Bidasoako alde bateko eta besteko neba-arrebok elkarren atzerritar bihurtuz. Erronka guztietan legez, Europako proiektuak erabakiguneak eraberritzeko eta geure ingurunearekiko harremanen esparrua aldatzeko eskatzen du. Perspektiba berriak sortzen dira, zailak baina interesgarriak, euskal nazioa XXI. mendean eraikitzeko. Nazio bat gara. Hiritarren nazio honetatik, geure autogobernua modu aske eta demokratikoan gauzatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, proiektu bateratu batean parte hartuz, betiere proiektua osatzen duten nazio eta herrien aniztasuna errespetatuz. Bere herritar guztien bakea, askatasuna eta ongizatea bilatzen duen Europa baten barruan egonik. Gizalegezko nazio solidarioa gara, bere nazio eta aberri ugariek aberasten duten Europa eraikitzen lagundu gura duen nazioa. Nazioak pertsonak bereiztu beharrean elkartu egiten dituen Europa. "La causa del pueblo vasco" 1956an idatzi zuen Javier de Landaburuk. Dedikatorian Sofia Schollen esaldi bat sartu zuen. Scholl Municheko Unibertsitateko ikasle kristau bat zen, eta 22 urte zituela naziek lepoa moztu zioten. Hauxe esan zuen: "Nik ezin dezaket ulertu gizon batzuk beti arriskutan egotea beste gizon batzuen erruz. Ezin dezaket ulertu eta izugarria iruditzen zait. Ez egidazu esan aberriarengatik dela". |